Behin baten, Basandere Baltzolako hatx-zuloaren Baltzolako sarreran egoan Abaroko zulora begira urrezko orrazi bategaz bere ulle luzea orrazten. Indusitik Baltzola auzunera doan bidetik joan zan baserritar bat behiak Eskuara eroaten eta leize ondotik pasatzean ikusi eban labana handi eta distiratsu bat leizearen sarreran eguzkitan. Hain laban handirik ez eban inoz ikusi eta neguan txahalak hiltekoederra zala eta hartu egin eban. Baina hartu bezain laster agertu zan Basandere eta bertan ixteko eskatu eutsan, labana berea zala esanez. Eta ez baeban bertan ixten gauza harrigarria gertatuko jakola gaineratuz. Esan eutsan be labana Anbotoko Marirena zala Baltzolako kobara etortzen zanean erabiltzeko eta bera zala gordetzeko arduraduna. Gizonak ezetz, ez ebala itxiko eta galapan hasi zan Baltzolarantz, deiadarka eta zantzoka, arriskuan egoala jentea ohartzeko. Bere zantzoai kasu eginez Baltzolako etxeetatik jentea urten eta lagundu egin eutsien euren etxera sartuz. Labana etxean gorde eben, hurrengo batean Indusirantzean hartu eta bere etxera eroateko. Basandere bere atzetik joian, baina jentea etxeetatik urtetan ikusi ebanean ostondu egin zan.
Halan da guztiz be, ez eban Basanderek Mariren labana galdutzat emon. Gorde eben etxea jagon egingo ebala agindu eutsan bere buruari eta labanak etxe hartatik urtetan ebanerako zelan berreskuratu asmatuten hasi zan.
Handik egun gitxira Indusiko baserritarra Eskuatik etxerantzean laban ederra gorde eban Baltzolako etxean sartu zanean, Basandere zur egoanez, ikusi egin eban eta bere buruari esan eutsan:
– Oraintxe hartuko dau nire labana gizon horrek eta bidean urtengo natxako labana kenduteko.
Baltzolako etxeko uzandreak zera esan eutsan Indusiko gizonari:
– Zoaz kontuz bidean Basanderek ikusi barik. Hori gatxa izaten da Basanderek dana edo ia dana ikusten dau eta.
– Arrazoi dozu (erantzun eutsan gizonak), Basandere bizkorra da eta asko daki asko ikusten dauelako. Egunargiz urten barik, iluntzen urtengo naz eta holan ilunetan ez nau ikusiko.
– Ez dakit ba! ideia ona dan hori -esan eutsan Baltzolakoak- Basanderek gauean be ikusi egiten ei dau. Hobe dozu bidea aldatutea; kobetatik joan ordez zoaz Garaio ostetik. Holan errazago izango dozu.
– Halantxi egingo dot, badakit Garaio osteko bidea zein dan eta handixe joango naz -esan eustan Indusikoak.
Halako baten, iluntzea zan jada, urten zan gizona Baltzolako etxetik labanagaz Indusiko bere etxera joateko. Baina bidean doala han agertu jakon Basandere iratxoakaz alkartuta eta bere labana itzultzeko eskatu eutsan, emon ezean ez zala etxera helduko gaineratuz. Indusiko gizontxoa artega parau zan, alde batera eta bestera begiratu eta iratxoak baino ez zituen ikusten. Honeik, olgetan legez, bere inguruan itzulika, barreka, keinuka gelditu barik ebizan.
Gauzak guztiz okertu jakozala konturatu zanean zin egin eutsan Basandereri ostutako labana itzuli egingo eutsala, baina ez eukala aldean eta beste egun baten emongo eutsala. Guzur galanta esan eutsan, aldean ez eukala esatean, baina Basandereri ezin jako guzurrik esan, esan orduko konturatu egiten dalako guzurra dala. Orduan Basanderek hau esan eutsan:
-Ez da egia esan dozuna, ez da egia ez daroazula aldean. Eta ezer okerragorik ez jazoteko atara eizu daukazun lekutik labana eta itxi lurrean, astiro-astiro, inor mintzerik ez dogu gura eta.
Orduan artzainak fraka barrenak igon eta galtzerdi azpitik atera eban labana. Gaua zan baina labanak disdira egin eban iluntasunean be. Esku biakaz hartu eta kontuz-kontuz lurrean itxi eban.
Hori egin ebanean Basanderek esan eutsan:
– Emoizuz hiru pausu aurrerantz.
Emon ebazanean urratsok zutunik gelditu zan, guztiz beldurtuta egoan eta begiak be itxi egin zituen. Ez zan ezer entzuten, dana geldi-geldi egoan eta bera ikaratuta, dardarka. Hiru-lau segundu pasau ostean begiak zabaldu zituenean harrituta gelditu zan: ez egoan inor bere ondoan, ez Basandere, ezta Iratxorik bez, danak joanda egozan. Zelango lasaialdia hartu eban! Segiduan lurrera begiratu eban labanaren bila, baina han ez egoan labanik! Basanderek eroan eban.
Harrituta, beldurtuta, dardarka, arineketan hasi zan etxerantza eta ez zan gelditu harik eta etxeko atea itxi arte, atzerantz begiratzeko astirik be ez eban euki.
Eta halan bazan sartu daitela kalabazan eta atera daitela Dimako plazan.