Behigorri Baltzolako koben inguruetan bizi da. Bere izenak diñoan moduan behigorri baten itxura dauka eta sua dariola agertzen jaku, sarri. Itxuran Betizu arrazaren antzekoak dira; Betizua Diman betidanik egon dan behi mota da: etxeko behiak baino txikiagoa, gorrixkak eta adar handikoak. Batzuetan sudur zuloetatik eta ahotik sugarrak botatzen ditu Behigorrik eta honela kiskaltzen ditu bere arerioak. Kiskali bai, erre baino gehiago, erre-erreta ixten ditu eta; beste batzuetan, ostera, hatx-zuloko iluntasunean distiratsu agertzen da Behigorri, bere adarrak eta buztana suzkoak dira eta.
Leize-zuloetan bizi da normalean, leku harein zaindari izaten da eta. Bere eremuan sartu edota leizearen bakea eta isiltasuna apurtu ezkero, haserretu egiten da, eta okerra bezain beldurgarria izan daike holangoetan. Horregaitik, leku batzuetan ‘etsai’ deitzen deutsie. Hatx-zulora harriak bota ezkero, Behigorri haserretu egiten da, eta erasokor agertzen da. Beste batzuetan giza irudia hartu, pertsonen itxurea hartu eta bizilekua daukan leizetik herrietara jaisten da, eta bera mindu edo iraindu daben pertsonak zigortu egiten ditu.
Diman lapur bat bizi izan zan Baltzola ondoan dagoen hatx-zuloan. Lapur hark, urteetan egindako lapurretai esker, izugarrizko urre pilloa bildu ei eban hatx-zuloaren barruan. Lapurretara beste lurralde batera joan zan baten, hil egin ei zan, eta inork ez ekien non gorde eban bere altxorra. Behin baten, kanpotar batzuk Baltzolako leizera joan ziran altxorraren jabe egiteko asmotan, baina, hurreratu ziranean, ahotik eta sudur zuloetatik sua zerion behi gorri izugarri bat atera ei zan mehatxuka hatx-zulotik; lapurraren espiritua, hain zuzen be. Hurrengo baten, hildako lapurraren hazurrakaz joan ziran hatx-zulora kanpotar hareik eta bertan itxi ebezan. Orduan bai, orduan atara ahal izan eben altxorra hatx-zuloko zulo sakonetik, lapurraren gorpuak betiko atsedena lortu eban eta.
Amezketan, Gipuzkoan, be bizi ei zan beste Behigorri bat. Kontatzen dabenez, behin baten, Irabi baserriko neskatxa Aralarrera igon zan larrean eukan behi baten bila. Txahal gorri bat ikusi eban eta berea zala pentsatuta, bere atzetik abiatu zan. Buztanetik heldu eutsan eta bere atzetik joan zan, Marizulo kobazulora eroan eban arte. Marizulo Mariren bizilekua zen.
Neskatxaren familia bere bila ibili zan, baina alferrik, ez eban inoz aurkitu eta. Herrian esaten dabenez, beste baten ikusi ei eben ha neskatxa Marizulon txakur gorri bat ondoan eukala, hatx-zuloa zelatatzen.