Gizotso

 

Gizotso mendian bizi dan eta indar ikaragarria daukan basatia da. Berba gizonen moduan egiten dau, baina otsoa da. Horregaitik deitzen da Gizotso; gizon gehi otso, bietarik dalako, erdi gizon eta beste erdi otso: gorputza gizonarena dauka baina burua, eskuak eta hankak otsoarenak. Sano da burutsua, indartsua eta arina; arineketan ez deutsa inork irabazten, otsoari legez. Mendian ibilten da batetik bestera janari bila. Danerik jaten dau: basoko piztiak, erbiak, mixerrak, katamigerlea, basakatuak, azagariak… eta ume okerrak be bai! Batzuetan kate barik baina beste batzuetan kateakaz ibiltzen da, kate zarata beldurgarriagaz jentea izututen. Asko gustetan jako jentea beldurtutea. Mendian bizi arren gauetan noz edo behin herrietara etorten da, auzoetara, etxe inguruetan ibilten da.

Behin Agiñaotik Urkia mendian ikusi eben Gizotso, Agiñaorantz joiala, eta deiadar egin eutsien han bizi zan andreari: “Agiñaoko andratxoa, mugidu zaitez, zoaz etxera arin eta zarratu atea giltzeagaz, Gizotso doatzu eta!”. Deiadarra entzutean, andratxoa galapan abiatu zan etxerantz, baina Gizotso basatiak ariñago egin eta andrea etxera orduko arrapau eta bularrak zuzterretik atera eutsozan.

Hori esaten dabe, baina okerragoak be egin dauz Gizotsok. Mutiko eta neskato zintzoen haragia ez jako gustetan, baina ume okerrena sano gustetan jako. Horregaitik ibilten da gauez etxe ondoetan ea mutiko edo neskato okerren zantzo edo negarrik entzuten dauen. Gurasoen esanak bete gura ez dabezan umeen txilioak entzuten dauzanean hor egoten da gosez jateko prest. Eta batzuetan biharamonean eskola bidean edo arrapau egiten dauz eta jan!

Beste behin, Baltzolako koba gainean gizon zahartxo bat ikusi eban Gizotsok makila bategaz etxerantz joiala. Aguretxoak ezin eban ia-ia ibili be, hain nekatuta egoan… Hurreratu jakon Gizotso eta itaundu eutsan:

– Agure! Zer egiten dok hemendik ba? Ez dakik paraje honetan neuk agintzen joatela?

– Hi nor haz ba? -erantzun eutsan agureak- Ez doat ezetan!

– Ez dok ikusten nire itxurea, ala? Zeren aurpegia jekoat, agure?

– (eta agureak): ba, gizonarena ez! Gehiago dok otsoarena! Ah! Ah! Orduan hi haz Gizotso? – Itaundu eutsan-.

– (eta Gizotsok erantzun): zer uste dok hik?

Eta aguretxoa konturatu baino ariñago golpe latz bat emon eutsan bernan, ikaragarrizko mina emon eutsana eta lurrera jausi zan aienaka. Gizotso “ja, ja, ja, ja” barreka urrundu zan, bertan behera itxita aguretxoa. Gizon zaharrak ezin eban zutundu, konturatu zan ez eukala indarrik hanka hartan eta zantzoka hasi zan laguntza bila. Halango baten bere auzoak zantzoak entzun, ariñeketan hurreratu eta lagundu eutsan bere etxera.

Eta halan baan sartu daitela kalabazan eta ager daitela Dimako plazan!

%d bloggers like this: