Behin batean anai bi bizi ziran Dimako Bargondi auzunean. Zaharrena, Unai, gizon serio eta kabala zan, ebatzi bat hartu baino lehen ondo hausnartzea gustatzen jakona. Gaztea, Gorka, guztiz bestelakoa zan, zotoska eta bizkorra.
Egun batean, biak artaldea jagoten Baltzolako haitzulotik hur ebiltzan baten, Gorkak zera esan eutsan anaiari, haitzuloa seinalatuz.
-Ba dakik, Unai? Hor barruan lamiak bizi ei dozak altxor eder bat jagoten.
-Beharbada bai eta beharbada ez -erantzun eutsan Unaik- baina hobe izango dok bere horretan ixtea.
Anaia gazteak barre-algara egin eban.
-Hara! Ez deustak esango beldur hazenik, ezta?
-Nik gauza bakarra esaten doat, ez dala misterioak narrasten ibili behar.
Gorka haitzuloaren sarrerara joan zan.
-Beno… hi, anima hadi! Begirada bat botako joguk… Altxorra dagoela egia badok, bion artean banatuko joguk!
Gaztea sartuten joian, sarreran sugetzar bat ikusi ebanean. Lo zirudien.
-Ah! Hemen jagok haitzuloaren jagolea! ikusiko dok zer arin egingo dituan hire lanak!
Eta Unairi ezertarako betarik emon barik, harri handi bat hartu eta subeari jaurtiki eutsan eta Sugoiri buztana moztu eutsan.
-Gorka! -zantzoa egin eutsan Unaik- egin doken hori krudelkeria hutsa dok! Subea lo egoan eguzkitan eta hauxe izango jok bere gordelekua… Ez hadi basatia izan eta goazak etxera!
Urteak joan ziran. Unaik urrun joan behar izan eban bizimodu duinagoaren bila eta baita lantegi ona aurkitu be; baina penak jaten eban etxe, ahaide eta bere lurraz gogoratzen zanean.
Egun batea, herrimina bestetan baino biziagoa zanean, dotore jantzitako gizon besomotz bat agertu jakon, besotik heldu eta, une baten, Baltzolako haitzuloaren aurrera eroan eban.
Unai guztiz harrituta gelditu zan gizon misteriotsu hark zera esan eutsanean:
-Unai, barriro hire etxean hago, eta barriz joan beharrik ez dagian izan hona hemen urrez betetako kutxa hau hiretzat, eta garriko hau hire anaiarentzat.
Honeek esanda gizona desagertu egin zan bat-batean.
Unai bere anaiarengana joan eta gertatu jakonaren barri emon eutsan. Gorka garrikoari begira gelditu zan.
-Eta gizon hori besomotza zoala diñok?
-Ba… bai, baina orain gogoratzen dodanez, ez jakoan igartzen.
Orduan, gazteak garrikoa hartu eta intxaurrondo bati lotu eutsan. Arbola berehala sutan jarri eta guztiz erre zan. Anai biak alkarri begiratu eutsien eta garbi ikusi eben Gorkak buztana moztutako subea eta ha gizon besomotza, biak bat zirala: Baltzolako sugetzarra, SUGOI, alegia.